udalaren armarria / hasierako orrira joan

Lizoain
Udala

2010ko irailaren 6a
Paisaia

Lekua eta jendea:

Geografia:

Iparraldean, Esteribar eta Erroibar ditu mugakide; ekialdean, Artzibar eta Longida; hegoaldean, Urrotz eta Aranguren, eta mendebaldean, Eguesibar eta Esteribar. 1943ra arte, bi udalerri zeuden: batetik, Lizoain, eta bestetik, Arriasgoiti. Lizoainibarrek herri hauek zituen: Beortegi, Laboa, Lerrutz, Janaritz, Leiun, Mendiorotz, Oskaritz, Erredin, Urotz eta Iheltz. Arriasgoitin, berriz, herri hauek zeuden: Aginaga, Biorreta, Urrizelki, Ilotz, Zalba, Zaldaitz eta Zuntzarren. Erro errekak zeharkatzen du ibarra iparraldetik hegoaldera.

Natura:

Ibar hondoetan gehienbat zerealak dira nagusi. Nekazaritzarekin batera abeltzaintza ere badago; ardi-azienda, zehazki.

Baso azalerari dagokionez, pinua da nagusi (% 71), bai pinu gorria bai landatutakoa. Pinudiez gain, pagadiak (% 26), haltzadiak eta hariztiak ere badaude (% 4). Inguru horietan behi-azienda dago.

Ibarretako faunari dagokionean, zereala lantzen den inguruetan espezie sedentarioak bizi dira, baina atzera doaz; esaterako, eper gorria, erbia eta untxia. Inguru hezeetan eta Erro errekaren ertzetan, basahateak eta lertxun hauskarak bizi dira, bi-biak sedentarioak. Oihanean, bestalde, basurdea, orkatza, eta hein txikiagoan, oreina bizi dira, eta hirurak zabaltzen ari dira. Aipatutakoez gain, espezie migratzaileak ere etortzen zaizkigu; batzuk, udaberrian txitak hazteko; beste batzuk negua hemen pasatzeko, edota besterik gabe, beste leku batzuetara joateko pasabidea da gure ibarra. Asko dira, baina batzuk aipatzeagatik. Galeperra, pagausoak, txolomak, oilagorra, mirua, hegabera, antzara, etab....

Azpimarratzekoa da, Urozko udal-barrutian lehengoratu den idoia (idoi horretan hainbat hegazti klasek txitak hazten dituzte) eta Aginaga inguruan baso bidexken sarea sortu dela.

Historia:

Ez dakigu zehatz-mehatz noiz hasi zen jendea gure ibarrean bizitzen, noizkoak diren lehenbiziko herrixkak, baina II. Burdin Aroko arrastoak aurkitu dira.

1258an, Teobaldo II.ak pribilegioak eman zizkien Lizoain, Erredin, Lerrutz eta Oskarizko nekazariei.

1911n, tren bat abiarazi zen, hots, 1906an eratua zen "El Irati" sozietateak bultzatutako trenbidea zen hura: horrela, Mendiorotz-Urotzen geltokia zegoen, eta Lizoainen, berriz, apeaderoa. Sozietate horrek berak ustiatutako zura garraiatzeko eratu zen, baina era berean, jendea Iruñea eta Zangoza artean garraiatzeko erabili zen. Aspaldian ez dabil trenik trenbide honetan, baina 2002an, auzokideek ibilbidearen zati bat natur bide gisa berreskuratu zuten.

Artea:

Arte aberastasunari dagokionez, Ibarretako herrietan dauden elizak aipatu behar ditugu. Denak ez dira ongi iritsi gaur egunera. Elizak hainbat garaitakoak dira: zaharrenak XI. mendekoak, eta berrienak, XVII.ekoak. Denetan zaharrena Lerruzko San Pedro da.

Eliza horiek guztiek nabe bakarra dute eta oinplano laukizuzena.

Haietan dauden gauzen artean, harrizko hainbat bataiarri nabarmendu behar dira, guztiak Erdi Arokoak; esaterako, Lerrutz, Zalba -XIII. mendea-, Beortegi eta Oskarizko elizetako bataiarriak. Era berean, Urozko erretaula barrokoa azpimarratu behar da, XVIII. mendekoa. Arkitektura zibilari dagokionez, Lerruzko Oinetxe bat aipatu behar da; etxe hartako jauna Antso Iturbidekoa zen 1611n. Estilo gotikoari jarraiki eraikia dago, XVI. mendean. Azkenik, Erro errekaren gaineko zubia ere nabarmenduko dugu, Lizoainen; Erdi Arokoa da.

Ibarretako hainbat bidetan gurutzeak ere badaude.

Ohiturak:

Trinitateko erromeria Oskaritzen eta San Antonioko erromeria Aginagan. Biak ekainean egiten dira.

Kondairak:

Joanes Lizoaingoa eta Beortegiko sorginak.

Babeslea: Nafarroako Gobernua. Leiho berrian irekiko da Garatzailea: ANIMSA. Leiho berrian irekiko da
Legezko abisua   Postontzia   Erabilerraztasuna